Skip to main content

Alderdiak hezkuntza sektoreko lantokietan duen esku-hartze antolatua indartu du,

ELAK-PCTEren III. Konferentziako erabakiak aplikatuz.

ELAK-PCTEk aurrerapauso bat eman du hezkuntza sektorean duen esku-hartzean, Bizkaian unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko zelula berri bat osatuz. Zelula hau sektore honetan urteetan zehar metatutako lan militantearen emaitza da. Alderdiaren antolakuntza lantokietara bideratzea funtsezko politika bat berreskuratzea da. Politika hori mugimendu komunistaren esperientzia historikotik dator eta, zoritxarrez, hamarkadak generamatzan indarrean jarri gabe. Politika falta horrek ondorio katastrofikoak izan ditu langile-mugimenduarentzat, komunismoak langile-klasean duen eraginarentzat eta, azken batean, herriaren bizi-baldintza orokorrentzat. Alderdi Komunista berreraikitzeko modu bakarra langile-klasearen artean duen eragina garatu eta indartzea da eta, eragin hori, esplotazio kapitalista modu zuzenean agertzen den lekuan eraikitzen da: lantokietan.

Horrenbestez, eta urteetako lan politiko eta sindikalaren ondoren, urrats hau eman dugu denboran zehar luzatutako etengabeko eraso orokortu baten mende dagoen sektore batean. “Lankidetza publiko-pribatuaren” atziakiaz, itunpeko sarea diru publikoarekin indartzen ari dira, eskola publikoa ahuldu, azpikontratatu eta prekarizatzen duten bitartean, irakasleria gero eta baldintza kaskarragoetara kondenatuz. Pribatizazio joera gelditzea ez genuen lortu azken ikasturteko grebekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ez du sinatutako akordio mugatua bete, eta hori probokazioa eta iraina da hezkuntza-komunitate osoarentzat.

Joera hori eta egungo egoera ikusita, ELAK-PCTEk langile herriaren zerbitzura dagoen hezkuntza publiko, unibertsal eta doakoaren alde egiten du lan. Hezkuntzaren eginkizun askatzailea berreskuratzea da helburua, merkatu-eskakizunen arabera langileen ekoizpen hutsera bideratuta dagoen hezkuntza-sistema alde batera utzita.

Hezkuntza publikoko langileok modu bateratuan aurrera eraman genituen grebak eta borrokak itxaropenerako arrazoi ere badira, erakusten baitute lantokietako zelula komunistak berreskuratzea ez dela soilik premia larria, benetako aukera bat ere bada.

Hezkuntza-komunitate osoa defendatzeko lanean jarraituko dugu, eta ikastetxeetako asanbladetan parte hartzeko deia egiten dugu, horiek baitira erabakiak hartzeko gune nagusia. Era berean, borroka aurrera eramateko, ezinbestekotzat jotzen dugu sindikatuen barruan eta gure zentroetan dauden joera erreakzionario, txobinista eta korporatiboei aurre egitea.

Zelula hau eratzeak lurralde osoko ikastetxeetan borroka antolatzeko dugun gaitasuna indartu du. Hezkuntzako langileei gurekin antolatzeko deia egiten diegu: eskola publikoa defendatzeko bidea horren euskarri diren langileen antolakuntza kontzientetik hasten da.

Euskadiko Komitea – ELAK-PCTE